XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zer ari dire herriko buruzagiak eta apezak?.

Ez ote dute ba zerbeit indar sorgin gachtagin hoikien kontra?.

Hola ez ditake iraun.

Ez badute deus bururatzen ere, zerbeiti bederen lot daitzila, hola geldi-geldia egon gabe.

Jendea geroago eta kechoago zoan.

Herri batetako sorgin gertakariak, haizea bezin laster, bertze herritan edatuak ziren.

Orok bazakiten Mendiondon haur bat, ephe laburrak barne, amikatu, ziritu-eta hil zela.

Nola hori?.

Bere gapelua lurrerat erori baitzitzaion, atso sorgintsa batek zion bildu.

Hortan akabo.

Haur gachoa gaitz gachto batez joa izatu zen eta hiru egun bertzerik ez zuen iraun.

Hiru egunez ez bazen hiltzea zilegi, sorginkeriarik gabe, asmatzen ahal duzue, hale gutiago garbi zitakela norbeit tipustapan, nonbeitik zerbeit chorte tzarrez hunkia izan gabe.

Ez da harritzeko beraz Baionan iraganikako gertakari batek burrunba gaitza ibili bazuen zonbait egunez, Eskual-Herri guzian.

Huna delako gertakaria.

Andere gazte bat ari zen otoitzean ehortz-harri baten ondoan.

Bizkarretik zerakarken mantaleta beltzaren gainean, baitzuen luma edo ari churi bat, Mandibouro izeneko emazte chahar bat hurbiltzen zaio, luma edo ari churi hura kendu beharrez.

Edo norbeitek hala gibeletik, ohart-gabean, ukitzeak, izitu ote zuen, edo, lur azpian ziren ezagun eta ahaiden orhoitzeak, bihotzean zerbeit egin ote zion, chuchen ez dezakegu argitarat eman.

Dena den, gure andere gaztea, punp zabal zabala erori zen, eta Agur Maria bat erraiteko astirik ukan gabe, mundu hau utzia zuen.

Ez zen duda mudarik.

Marrumek, oihuek, intzirinek eta oiharzunek gauza bera zioten.

Mandibourok chortea botarik hila zela delako anderea.

Zoazi gero zu horren ukatzerat.

Ez eta makil ukaldika ere ez zinioten egia kaskoan sar-araziko!.

Harriak, artoak edo bahatzekariak chahutzen bazituen, eritasun kutsudun batek artalde bat ondatzen bazuen, ihurtzuriak arbol bat jotzen bazuen edo zonbait sorropil kichkailtzen, oro sorginen gain gaten ziren.

Marticot de Miguelcorena ziburutarraren huntzia ur zolarat gan bazen, hori ere sorginen lana.

Baionako kalonje bati, orena, uste baino lehenago, etorri bazitzaion, Catherine de Molérès sorgina zen hobendun.